BADATOR GIPUZKOAKO EUSKAL PILOTA EGOKITUKO XIV. TXAPELKETA

Tolosan abiatuko da Gipuzkoako pilota egokituko txapelketa. Datorren larunbatean, otsailak 3, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak elkarlanean antolatutako txapelketaren XIV. edizioko lehen neurketak hartuko ditu Beotibar pilotalekuak.

Jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak azaldu dituzte bi federazioetako ordezkariek, Foru Aldundiko eta Tolosako Udaleko ordezkariekin batera.

Larunbatean, goizeko 10:00etatik 19:00etara bitartean ospatuko da txapelketa, 14:00-15:30 bitartean atsedenaldia eginez. Guztira 31 kirolarik hartuko dute parte, 2 kategoriatan banatuta: adimen urritasuna duten pilotariak, batetik, teniseko paletarekin, eta urritasun fisikoa duten pilotariak, bestetik, gurpildun aulkian, gomazko paletarekin.

Gipuzkoatik barrena

19 partida jokatuko dira Tolosan, 9 goizez, bi kategoriatakoak, eta 10 arratsaldez, teniseko paletarekin. Behin txapelketari ekinda, gainerako kanporaketak Hernanin, Oñatin, Azkoitian, Seguran eta Donostian jokatuko dira. Martxoaren 23an, banakako finalak jokatuko dira Oñatin, eta binakako finalak maiatzaren 18an, Donostiako Atano III pilotalekuan.

Txapelketa honen helburu nagusia da kirola eta inklusioa bateratu, indartu eta sustatzea, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta.

Bilatu
Azken berriak