HASTERA DOA GIPUZKOAKO XI. PILOTA EGOKITUKO TXAPELKETA

Datorren larunbatean, martxoak 6, hasiko da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa. Gaur egin da txapelketaren aurkezpena Errenteriako Agustina Otaola frontoian. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Errenteria, Asteasu, Zumaia, Mutriku, Alkiza, Idiazabal, Usurbil, Ataun eta Lasarte-Oria. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 26an egingo da Zumaian. Bi federazioetatik eskerrak eman dizkie udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik. Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia. Kirolarik gogoz ekingo diote txapelketari, izan ere, hilabete asko pasa dira lehian aritzeko aukerarik gabe.