‘IKUSNAHI SENSI’ PROGRAMA ABIAN DA GIPUZKOAKO ESKOLETAN

Hegalak Zabalik Fundazioarekin dugun elkarlanari esker ‘Ikusnahi sensi‘ programa abian jarri dugu Gipuzkoako eskola ezberdinetan. Duela aste batzuk Beasaingo Institutuan izan ginen DBH lehen mailako ikasleekin, eta aste honetan, Ordiziako Jakintza ikastolan parte hartu dugu.

Programa honen helburu nagusia da ikasleek gizartean dauden desgaitasun ezberdinen azalpena jasotzea eta saio praktikoaren bitartez lehen pertsonan zailtasun ezberdinak bizitzea. Hala, saioko lehen zatian desgaitasun ezberdinak aztertzen dira gainetik ikasleekin, zein desgaitasun ezagutzen dituzten galdetzen zaie eta hainbat gako ematen zaizkie egungo errealitateaz jabetzeko. Saio teorikoan aipamen interesgarriak ateratzen dira ikasleengandik, izan ere, gelako norbaitek beti izaten du esperientziaren bat familian, eskolan, kiroldegian, udalekuan…

Saioko bigarren zatia da ikasleen gustukoena. Praktikaren batera, kirol jolasen bitartez arestian aipatutako zailtasunak esperimentatzen dituzte. Gurpil aulkian mugitu, antifaza jantzita ikusmen desgaitasunera hurbildu edota arau ezberdinekin egindako jolasek adimen urritasuna hobeto ulertzeko aukera ematen dute. Hainbat joko proposatzen dira, hala nola, saskibaloia gurpil-aulkian, slaloma, boleibola eserita, futbola hainbat oztopoekin… ez zaie erraza egiten askotan eta orduan ohartzen dira beste pertsona batzuek senti dezaketena.

Azkenik, hausnarketarako tartea zabaltzen dugu ikasleen artean. Orduan ateratzen dira eguneko ekarpen interesgarrienak. Izan ere, gizartean egon daitezkeen errealitate ezberdinak ateratzen dira eta enpatia lantzeko aukera ederra izaten da, baita beste balio batzuk ere.


 

Bilatu
Azken berriak