IÑIGO LLOPISEK ZILARREZKO DOMINA LORTU DU TOKION

Basque Teameko igerilariak abuztuaren 27an Tokioko Aquatic Centren S8 kategorian lortutako zilarrezko dominarekin inauguratu zuen bere sarien zerrenda paralinpikoa. Aurten Funchalen jokatu den azken Europako txapelketan donostiarrak titulua bereganatu zuen proba honetan eta gaur mundu mailan ere onenen artean dagoela erakutsi du.

Emozioak goiz esnatu zitzaizkion pasa den ostegunean Llopisi. Askoz erosoago egin zuen igeri, bizkar estiloko 100 metrokoan, bere proba kuttunean. Estilo libreko 100 metroko finalerako txartela ezin izan bazuen sinatu, pasa den ostegunean era sendoan erdietsi zuen. Eguneko lehena izan zen bere serieko denborarik azkarrena lortu zuen, kronoa 1.07.90ean geldituz. Bigarren denborarik onena izan zen guztira, bi sailkatze txandak kontuan hartuta. Llopis Robert Griswold estatubatuarrak bakarrik gainditu zuen donostiarra. Finalera zortzi onenak pasa ziren.

Goizeko sailkapen txanden markek dominak lortzeko lehia gogorra iragartzen zuten arratsaldeko saioan. “Maila asko igotzen ari da eta hori ona da guztiontzat eta ikuskizunarentzat”, adierazi zion Iñigo Llopisek Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Hala gertatu zen arratsaldean, igerilariek Japoniako hiriburuko igerilekuan hegan egin zuten; Robert Griswold estatubatuarrak, batez ere, Munduko errekorra hautsi baitzuen, 1:02.55ko marka eginda. Estatubatuarrak ezarritako erritmo itzela ikusita, Iñigo Llopis bere igeriketan zentratu zen, eta dena eman zuen azkenean lortu zuen bigarren postuarengatik. Hirugarren postuan zihoan 50 metroetan norabidea aldatu zuenean, baina ohi duen bezala, lasterketako bigarren zatian aurrera egin zuen.

“Oso pozik nago egindako lanarekin, eta nire senide eta lagunei eskaini nahi diet, jokoen berezitasunagatik ezin izan baitira honaino etorri. Ziur ospatuko dugu Donostiara itzultzean, baina orain beste probetan ere pentsatu behar dugu”, esan du Llopisek.

Iñigo Llopis estilo libreko 4×100 metrokoan arituko da abuztuaren 30ean, estilo linreko 400 metrokoan abuztuaren 31n eta estilotako 4×100 metroko proban irailaren 3an.

[Informazio guztia Basque Team komunikazio taldearena da].


 

Bilatu
Azken berriak