Eskola Kirol Egokitua (EKE)

Eskola Kirol Egokituko Programa (EKE) desgaitasuna duten eskola- umeei zuzenduriko programa bat da (6 – 20 urte), kirol praktikarako aukera bermatu nahi diena. Eskola- ume hauek, beraien ezaugarriak direla medio, eskubidez praktikatzea dagokien eskola kiroleko programatik kanpo gelditzen dira maiz, beraien ikastetxe edota beraien bizilekutik gertuen dituzten kirol elkarte nahiz kirol zerbitzuek dibertsitate funtzionalari arreta emateko garaian dituzten gabeziak direla eta.

 

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, indarrean dagoen araudiaren arabera, desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako Eskola kirol egokituaren programa antolatzen du (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak federazioaren esku uzten baitu esparru hau garatzeko funtzioA) , azken helburua, desgaitasuna duen pertsona orok kirol praktika bere ingurune naturalean egin ahal izatea delarik. Pixkanaka, GIPUZKOAKO eskualde guztietan eskola kirol egokituaren SAREA zabaltzen eta aurrera egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza eta udaletxe ezberdinekin hitzarmenak adostearekin,  programak 17 urte daramatzalarik martxan.

Eskola Kirol Egokituko programaren bitartez, beraz,  6 urtetik aurrera desgaitasuna duten eskola-umeen, eta 21 urte artean Gela egonkor eta ZIG geletan dauden ikasleen kirol jarduera espezifikoak bermatzen dira ikasturtero, norberaren behar eta nahiak kontutan hartuz, kirol- ibilbide ezberdinak asetzen saiatzen garelarik:

  • Gorputz- hezkuntzako edukiak ardatz hartuta, Kirol anitzeko hastapen programa bat eskaini nahi zaie desgaitasuna duten gazteei, norberaren beharretara gehien egokitzen den kirol- jarduera, taldekatze mota eta egokitutako programazio batekin: proposamen honen barruan, astean zehar jarduera fisikoa ardatz dituen gutxieneko saioak planteatzen dira, bai aretoan baita igerilekuan ere, eta ikasturtean zehar, gainera, zenbait asteburutan partehartze irekia izaten duten jarduera ezberdinak eskeintzen zaizkie, jarduera hauek elkarte ezberdinekin elkarlanean antolatzen ditugularik:  futbol egokituko topaketak, denontzako mendi irteerak, surf inklusiboko jardunaldiak, sentsibilizazio jardunaldiak,…

GFA-ak talde hauek bertako eskola kiroleko egituran txertatzeko egin duen apustua dela eta, Gipuzkoako zenbait eskualdetan bertako kirol agenteek hartu dute taldeen kudeaketa ardura, GKEF-k agente hauei aholkularitza eta laguntza ematen dielarik prozesuan zehar.

Helburuak

Gipuzkoako eskualde guztietan eskola kirolean parte hartzeko aukera erraztea.

Urritasuna duten gazteek eta familiek kirolean parte hartzeko geroz eta eskari gehiagori erantzuna ematea.

Taldeko beharrei egokitutako jarduerak zuzenduz, gizarteratzea eta talde harremanak sustatzea.

Haur eta gazteen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko, psikomotrizitatea, oinarrizko abilezia motoreak eta gaitasun fisikoa lantzeko gaitasunak hobetzea.

Osasuneko ohiturak eta jarduera fisikoarekiko atxikimendua lantzea.

Autoestimua, segurtasuna eta familien konfiantza hobetzea.

Kirol praktika aukera pertsona guztientzako landuz, kirolaren ikuspegia barneratzaileagoa eta atseginagoa izan dadin.

Antolakuntza

Eskola Kirol Egokituko

hastapeneko saioak astean bi izaten dira, saio bakoitza ordu betekoa izanik. Programa honek, Kirol Egokituko profesionalak eta beharrezko apoioak ditu haur eta gazteen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

GIPUZKOAko kirol egokituko hastapen sarea.

GKEF-ek kudeatuta: Donostialdea, Bidasoa, Oarsoaldea, Buruntzaldea, Goierri, Urola Garaia eta Tolosaldea.

GKEF-ek aholkularitza: Debabarrena, Debagoiena, Urola Kosta Mendebaldea eta Urola Erdia.

Dokumentazioa

Kirol eskolari buruz dokumentazio guztia aurkitu ahal izango duzu hemen.

 

Galeria