Datorren larunbatean, otsailaren 21ean, hasiko da Gipuzkoako XVI. Euskal Pilota Egokituko txapelketa Donostiako Atano III. pilotalekuan. Aurtengo edizioan, 33 pilotari ariko dira lehian: horietatik, 27 adimen urritasuneko kategorian eta 6 gurpildun aulkikoan. 6 jardunaldi izango ditu txapelketak eta gaur egin dugu aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Federazioetako ordezkariek.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, txapelketa bi modalitateetan jokatuko da: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, teniseko paletan eta, bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena, gomazko paletan, gurpildun aulkian.
Herriz-herri
Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Donostia, Lazkao, Irun, Azpeitia, Legazpi eta Amasa-Villabona. Adimen urritasuneko kategorian, buruz-buruko finala martxoaren 28an jokatuko da Irunen. Eta, binakako txapelketaren finala, bi kategorietan, berriz, maiatzaren 16an ospatuko da Amasa-Villabonan. Bi federazioetatik eskerrak eman dizkie udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik. Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.
Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Mindara Elkartea, Zarautz Kirol Elkartea, Zumaiako Pilota Elkartea eta Kemen Elkartea.






