Berriak

Atzo, martxoak 6, Once Gipuzkoak antolatutako 'Emakumea eta Kirola' mahai-inguruan parte hartu genuen Federaziotik. Errendimenduko kirolean emakumeen eta gizonezkoen artean dauden ezberdintasunen inguruan hitz egin zuten hainbat kirolarik: Amagoia Arrieta (Boccia), Garbiñe Etxeberria (Real Sociedad), Patri Espinar (Pilota), Sandra Piñeiro (Remo) eta Silvia Alba (Goalball). Alicia Figueroa Federazioko zuzendari teknikoa izan zuten moderatzaile. Interesgarria benetan emakume hauen ikuspegia!



Artaziak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Bizipoza elkartu dira lehen aldiz Ari! Sormena eta Mugimendua proiektua martxan jartzeko. Proiektuak gorputzarekin, arteekin eta mugimenduarekin lotutako ekimen berritzaile bat sortzea du helburu, izaera inklusiboa eta genero ikuspegia duena, 12 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendua.

Egitasmoaren ildoetako bat da:

Lehenengoa Ikastaro trinko bat da, eta Jordi Cortés koreografo-sortzailea gonbidatuko dugu bere ibilbidea erakustera eta dantza inklusiboaren esparruan izan duen esperientzia azaltzera. Jarduera hau martxoak 14an, larunbata, 10tatik-14ra izango da Donostiako Viktoria Eugeniako dantza aretoan eta formatu teoriko-praktikoa izango du. Jarduera doakoa izango da, eta gizarte arloan eta mugimenduan interesa duen edozein adinetako edonori zuzenduta dago.

Izena emateko idatzi helbide honetara martxoak 11 baino lehen: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.



Datorren ostegunean, martxoak 5, 'Emakumea eta Kirola' mahai-ingurua egingo da Zegamako Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan egongo dira Ruth Cayero, Maider Mendizabal eta Rosa Lasagabaster kirolariak beren esperientzia azaltzen. Eurekin Alicia Figueroa, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendari teknikoa ariko da moderatzaile lanetan. Denen artean, emakumeak kirolean oraindik bizi dituzten zailtasunak eta erronka berriak azalduko dituzte. Anima zaitezte!



Datorren igandean, martxoak 1, haur eta gazteentzako errugbi topaketa antolatu dugu Federaziotik Hernaniko Errugbi elkartearekin batera. Desgaitasuna duten haur eta gazteentzako beste aukera bat eskaintzen da oraingoan. 11:00etan hasiko da jardunaldia Landara errugbi zelaian eta izena eman nahi duenak Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean egin beharko du. Ondo pasatzeko eta errugbia ezagutzeko tartea izango duzue, anima zaitezte!



Urte batzuk dira Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean, Realeko infantil taldeetan sentsibilizazio saioak egiten ditugula urtean zehar. Futbolaz gain, gazte hauek gizarteko beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera izaten dute. Hala, desgaitasuna hurbiletik sentitzeko saioa prestatzen dugu Federaziotik, beti ere, kirol jolas eta jokoen bitartez. Pasa den ostiralean, otsailak 21, egin genuen aurtengo lehen saioa. Bertan, hausnarketarako tartea ere izaten da, eta egia esan, saioak oso interesgarriak izaten dira. Eskerrik asko Real Sociedad Fundazioari aukera hau eskaintzen jarraitzeagatik!



Pasa den ostiralean, otsailak 21, hainbat gaztek eskaladaz gozatzeko aukera izan zuten Zarauzko Lizardi Institutuan. Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean, bertako teknikariek gazteei eskalada egiten lagundu zieten. Arratsalde polita izan zen, izan ere, gazteek eskalada gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Eskerrik asko aukera honengatik!



Beste urte batez, Urnietako Udalak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hitzarmena sinatu dute urnietarren eskola kirol egokitua babesteko. Hitzarmen honen bidez, urnietarrak diren haur eta gazteek eskola kirol egokituko programan parte hartzeko aukera dute, ohiko eskola kiroleko kuota ordainduz eta euren beharretara egokitutako zerbitzua jasoaz. Eskerrik asko eta segi dezagun bidea egiten!


Otsailaren 8an jokatu zen Gipuzkoako X. Euskal Pilota egokituko txapelketaren finala, Legazpiko Urbeltz frontoian. Iraitz Huegun Mindara elkarteko pilotariak lortu zuen txapela hainbat partida jokatu ostean. Txapeldunorde, aldiz, Zarautz kirol elkarteko Joseba Altuna geratu zen. Giro ederrean aritu ziren pilotariak, izan ere, maila asko hobetzen ari dela erakutsi zuten. Parte-hartze handia egon da txapelketa honetan eta une honetan pilota egokitua indarrean dagoela esan daiteke. Txapelketa hau Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren arteko elkarlanaren fruitua da, beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kasu honetan, txapelketa egin ahal izateko Zestoako Udalaren eta Legazpiko Udalaren laguntza izan dugu, baita Legazpiko Gazteko pilota elkartearena ere. Eskerrik asko guztiei eta zorionak txapeldunei!



Pasa den larunbatean (otsailak 1) sentsibilizazio saioa egin genuen Buruntzaldeko eskola kirolean, Usurbilen. Hirugarren urtez, kirol egokituko jolasak egiteko aukera izan zuten Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo haurrek. Arrakasta handia izan zuen jardunaldiak, eta guztira, 250 haurrek parte hartu zuten eskola kirolaren barruan antolatutako ekimen honetan.




Datorren otsailaren 1ean, eskubaloi egokituko lehen entrenamendu saioa egingo da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, 10:00etatik aurrera. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hainbat talde ditu martxan eskola kirol egokituko sarean. Talde horietatik, Irungo eta Zarauzko gazte talde batek eskubaloia gustuko du. Hori dela eta, gazteak euren artean ezagutzeko aukera ahalbidetu nahi da entrenamendu saio honen bidez. Eta, bestalde, Zarauzko Kirol Elkarteko (ZKE) eskubaloi sekzioarekin elkarlanean, eskubaloi egokitua bultzatu nahi da. Guztira, adin ezberdinak dituzten hogei gazte inguruk parte hartuko dute eta GKEFeko teknikariak ere egongo dira laguntzen. Ea eskubaloi egokituari bultzada ematen diogun eta proiektu inklusiborik ateratzen den aurrerantzean.




© 2021 GKEF-FGDA