Berriak

Gaur aurkeztu da Fica, Nazioarteko atletismo film festibala, kultura atletikoan oinarritzen dena Donostiako Aquariumean. Aurten, azaroaren 10etik 14ra ospatuko da. Covid-19 dela eta, streaming bidez egingo da festibala eta atletismo egokituak bere tartea izango du. Antolatzaileen esanetan, zaila izan da aurtengo edizioa martxan jartzea baina gogoz eta ilusioz ekin diote.

Atletismo egokituaren eguna azaroaren 12an izango da. Gaiarekin lotutako filma ikusteko aukeraz gain, egun horretan saio berezi bat ikusteko aukera egongo da. Bertan parte hartuko dute Alicia Figueroa (GKEFeko zuzendari teknikoa) eta Javi Condek (korrikalari paralinpiarra eta entrenatzailea).

Festibalaren informazio gehiago eta programazioa: www.ficafestival.com



Hauteskunde prozesua aurrea doa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan. Azaroak 6 bitartean, Federazioko presidentea izateko hautagaiak aurkezteko epea irekita dago.

Hauteskunde prozesuaren dokumentazio guztia webguneko 'Federazioa' atalean aurkituko duzue. Eta, informazio gehiago nahi izanez gero, telefonoz edo emailez harremenatan jar zaitezkete.

*Piktograma: Arasaac



Covid-19aren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak kirola egiteko neurri berriak atera zituen pasa den urriaren 26an. Entrenamenduak egin daitezkeen ala ez, zenbateko taldeak, herri batetik bestera mugi daitezke kirolariak... zalantza ugari sortu dira azken egun hauetan.

Urriaren 29an Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu horren interpretazio dokumentua atera zuen zalantza ezberdinei erantzuteko asmoz.

Hurrengo loturan dituzue bi erakundeek ateratako dokumentuak: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kirolak/coronavirus-informacion



Alex Prior kirolari gipuzkoarrak urrea lortu du Espainiko gurpi-aulkiko eskrima txapelketan, ezpata eta sable kategorietan, Valladoliden (Espainia) gaur egin den txapelketan. Florete kategorian, berriz, zilarra lortu du Priorrek.

Manu Quesada kirolari gipuzkoarrak ere zilarra lortu du sable kategorian. Bi kirolari gipuzkoarrak Fortuna elkartekoak dira eta biak Igor Otaegui eskrima irakaslearekin aritzen dira. Haiekin batera, Ramon Gonzalez gipuzkoarrak ere Espainiako txapelketan parte hartu du lehen aldiz.

Zorionak lortutako emaitza onengatik!



Hurrengo igandean, urriak 25, Bikingo eguna ospatuko da Hondarribian, Federarte festibalaren baitan. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatuta, sup inklusiboa egiteko aukera egongo da berriro ere 11:00etatik aurrera. Covid-19aren inguruko segurtasun neurri guztiak zorrotz beteko dira.

Izena eman nahi izanez gero edo informazio gehiagorako, deitu Federaziora: 943462514. Animatu eta parte hartu!



Gaur hasiko da Berlinen (Alemania) paralinpiar igeriketako munduko serieen txapelketa. Igandea bitartean, munduko herrialde ezberdinetako igerilariek parte hartuko dute bertan. Espainiako selekzioan bi gipuzkoarrek parte hartuko dute oraingoan: Iñigo Llopis (Konporta K.E.) eta Nahia Zudaire (Buruntzaldea IKT).

Covid-19a dela eta, txapelketak bertan behera geratu ziren pasa den martxoan. Hauxe izango da nazioarteko lehenengo lehiaketa eta indarrak nola dauden ikusteko aukera ona izango da. Llopisek dagoeneko A minima dauka Tokioko Paralinpiar Jokoetarako. Zorte on bioi!



Goiz ederra atzo Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan. Euskal pilota egokituko LABORAL KUTXA sari nagusiaren finala jokatu da. Pilotalekua zaleez beteta eta kirolariek sekulako maila erakutsi dute. Adimen urritasuna duten kirolarien kategorian, Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi izan dira txapeldunak eta gurpil-aulkiko kategorian, Mikel Merino eta Aingeru Senperena izan dira txapeldunak. Zorionak!
Zorionak ere parte-hartzaile guztiei eta hau posible egiten duten babesle eta laguntzaile guztiei. Pozgarria benetan frontoia horrela ikustea, ETB1en zuzenean ikusi ahal izatea... Mikel Izagirre pozik egongo da gaur, izan ere, lan handia egin zuen euskal pilota egokituaren alde. Gaur omenaldi beroa eskaini zaio, merezitakoa! Iazko uztailan hil zen Izagirre baina berak utzitako bideak aurrera darrai!


Joan den irailaren 26an gizarte arloan zein mugimenduan interesatutako hainbat kide elkartu ginen, Errenteriako Dantzagunean, Ari! Sormena eta Mugimendua proiektuaren baitako ikastaroan parte hartzeko. Bertan, Jordi Cortés aritu zen dinamizazio lanetan, eta, besteak beste, mugimendu askea, gorputzen aniztasuna eta sormena uztartzeko parada izan genuen.

Gauzaturiko jarduerek nork bere emozioetan eta partaideen arteko elkarrekintzan sakontzea ahalbidetu zuten, taldean giro atsegina sortzearekin batera; saio praktikoaz gain, koreografo-sortzaileak bere ibilbide profesionalean zehar dantza inklusiboarekin izandako harremanaren nondik norakoak ere azaldu zituen. Finean, master class-ari esker mugimenduaz gozatu, jakintza zein esperientzia berriak barneratu eta elkar ezagutuz aberastu ginen.

Ari! Sormena eta Mugimendua proiektuan Bizipoza Elkartea, Artaziak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa elkartu dira, Irizar, Orona Fundazioa eta Dantzagunearen laguntzarekin.



Atzo eman zitzaion hasiera Bidanian Euskal Pilota Egokituko LABORAL KUTXA sari nagusiaren kanporaketei.
Pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri gutziak zorrotz beteta, goizean adimen urritasuna duten pilotariek ikuskizun handia eskaini zuten eta bederatzi partida handiren ostean, Iñaki Divasson-Xabier Arizkorreta eta Leire Esnal-Eneko Sagarmendi izan dira hurrengo igandean ETB-ko kamerak zuzenan direla, Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan torneoko finala jokatuko duten bi bikoteak. Urduritasunak gaur erakutsitako maila errepikatzen uzten badie, sekulako partida izan daiteke lehen txapela erabakiko duena.
Arratsaldean, berriz urritasun fisikoa duten pilotariak aritu ziren lehian, euren gurpildun aulkien gainean, sekulako ikuzkizuna eskainiz. Hemen, sei partida jokatu ziren eta Hilario Olano-Beñat Lizaso eta Aingeru Senperena-Mikel Merino izango dira txapelen lehian arituko direnak.
Zortzi finalistak asterte honetan Errenteriako Burdinola Jatetxean egingo den finalen aurkezpenean izango dira, goizeko 11.30etatik aurrera, euren bizipenak kontatzen.


Beste urte batez, Hegalak Zabalik Fundazioarekin batera, martxan jarriko dugu estimulazio goiztiarra uretan programa 0-8 urte bitartean. Urritik aurrera, aukera ezberdinak egongo dira Donostiako hiru toki ezberdinetan: Hegalak kirol zentroan, Intxaurrondo kiroldegian edota Etxadi kiroldegian. Gainera, aurten 8 urte bitarteko haurrek parte har dezakete.

Estimulazio goiztiarra uretan programak hainbat helburu ditu:

-Garapen pskimotorea hobetu.

-Sistema inmunologikoa lagundu.

-Erlaxatzen laguntzen du.

Izena eman nahi izanez gero, edo informazio gehiagorako deitu Federaziora: 943462514 edota idatzi Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.helbidera.

Anima zaitezte!



© 2021 GKEF-FGDA